Minkowskiren diagrama

Minkowskiren diagrama unibertsoko gertaerak irudikatzen dituen bi dimentsioko grafikoa da, dimentsio espaziala eta denbora-dimentsioa dituena. Espazioaren eta denboraren propietateak erakusten ditu erlatibitate bereziaren teorian, eta hauei dagozkien fenomenoen ulermen kualitatiboa ahalbidetzen du; hala nola, denboraren zabalkuntza eta Lorentz-en uzkurdura bezalako fenomenoena. Diagrama hauek Hermann Minkowski fisikariak garatu zituen 1908an. Ohiko distantzia-denbora grafikoetan ez bezala, distantzia ardatz horizontalean agertzen da, eta denbora ardatz bertikalean. Diagramako puntu bakoitzak posizio bat irudikatzen du, bai espazioan eta baita denboran ere: posizio hauetako bakoitzari deritzogu, hain zuzen ere, gertaera. Era honetan, objektu bakoitzak lerro zehatz bat irudikatzen du diagraman zehar: objektuaren unibertso-lerroa. Denbora eta espazioa neurtzeko unitateak aukeratzerako orduan, argiaren abiaduran mugitzen den objektu baten unibertso-lerroak diagramaren ardatzekiko 45º-ko angelua osatzeko moduan aukeratzen dira.


Developed by StudentB